XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pertz konpontzaileak

Kandelari egunaz idatzi dugunez gero, oroigarritxoa egingo diegu pertz eta bestelako tresna konpontzaileei.

Konponi kaldera, arregla chocolatera deiadarka ibiltzen ziren gizon-emakume arrotz haien inguruan antolatu den herri jaiak sortzea Donostian izan bazuen ere, beste herrietara ere zabaldu da, Tolosara esate baterako. Kaldereroen agerraldia, kalean zehar, Sarriegiren musika alaiaz.

Pertz konpontzaileak eta txorroskileroak euria iragartzen digu, Gorosabelek hala dio, eta txorroskileroengatik ere askotan entzuna dugu.

Badugu herririk herri ibili ziren haietako baten berri, Antonio Dugiols-ena, hain zuzen.

Nire ikerketan jaso dudanez, Dugiols-tar hau Legorretan aritu zen lanean XVIII. mendean. Ondoren, Kintin izeneko bere semearekin batera, lantegi handiak, pertzolak, izan zituen Tolosan eta Belauntzan. Kintin Dugiols-en semea izan zen Felipe Dugiols Balanzategi militar ospetsu tolosarra.

San Blas

Tolosako San Blas ermitaren inguruan, Kandelero egunean ospatu ohi da festa bezpera, filarmonika doinuaz dantza egiten eta erroskilak saltzen.

Mahai gainean, elizatxo inguruan, lokarri eta domina bedeinkatuak saltzen dituzte. Lokarri eta dominak jartzen zizkieten gurasoek umeei eztarriko mina uxatu edo sendatzeko.

Nire berriemaileak entzuna die bere arbasoei San Blas egunez elizatxora eramaten zituztela opari modura zerri mihiak. Oparia zerria hiltzen zuen baserriak egiten zuen; baina ez Tolosa edo Goierriko baserrietakoek, Errenteria, Hernani, Urnieta, Asteasu eta abarrekoek.

San Blas egunez, gosaltzeko txokolatea bolatuarekin izaten zuten, batez ere erlikiaren ardura zuten apaizek; bazkaltzeko ere, ez zuten zerri hanka faltarik izaten ermita etxean.

Eguna ospatzen hasteko, goizean meza izaten dute. Gero izaten da Meza Nagusia, eta aurretik eta ondoren, janari eta baserriko gaien bedeinkazioa. Ondoren, erlikiari muin ematea.

58. San Blas beti izan ohi da eztarriko gaitzentzat erremedio ona. Egun horretan ere elikagaiak bedeinkatzen dira.

60. Zaintzailea eta hartza, Donostiako kalderero egunaren ospakizuneko ohiko bikotea.